Pentsamendu Kritikoaren Foroa: Nire esperientzia

Niretzat Foroaren esperientzia oso interesgarria izan da.

Lau gosari izan dira: estatugintza (Mario Zubiagarekin), krisi globala eta burujabetza (Joseba Azkarragarekin), Ekonomia Feminista eta Solidarioa (FETEM-ekin) eta Independentismo Urbano berri baten bila (Imanol Galparsororekin). Eta hitzaldi bat (Independentzia Helburu liburuaren aurkezpena) Unai Apaolazarekin.

Esperientzia eta arlo desberdinetako jende kopuru zabala saio bakoitzean (35 bat). Idazlan motz aukeratuak saio bakoitzeko partaideei aldez aurretik banatuak. Gaiekin loturiko liburu gomendatuak, gehienak Mikelan eskuragarriak.

Giro atsegina: Mikelaren lasai-gozotasuna, jendearen parte hartze zabala lan taldetan eta saio orokorretan, orduen antolakuntza, eztabaida aberasgarriak… Denak errezten du Foroaren muina: pentsamenduaren langintza gure errealitatearekin, gure bizitzarekin nahiko estu lotua. Ez dadila izan gure gorputzak eta ekintzak ukitu ere egiten ez duen pentsamendua, baizik eta gure bizitzan eta egitasmoetan txertaturiko argi lagungarria.

burujabetzaH
Nik ikusten dut puzle bat osatzen ari dela Foro honetako saioetan. Datozen urteetarako pentsamendu emantzipatzailearen formulazioak ari gara hausnartzen. 1950-60 hamarkadetan eman zen eztanda askatzailearen (Burgosko epaiketetan gure herriak eman zuen erantzunean laburbildu zenaren) segida bezalakoa, bainan ordutik hona eman diren aldaketak eta bizi izan ditugun esperientzien mugak atzemanda eta aldaketa horietara egokitzeko eta muga horiek gainditzeko beharrezkoa dugun pentsamendu berbizituaren elementuak lantzen ari gara. Niretzat, sentitzen ditugun hainbat atasko eta atakatik libratzeko giltzak manejatzen ikasten ari gara Foro honetan. Eta honen froga da gai bakoitzean dantzan jarri zaidala pentsamendua: ekonomia feminista eta erabilera-balioaren arteko lotura gardenago ikusiz, eta estatugintza eta ihauterien arteko lotura bizitzaren esparru guztietara zabalduz… Eta gauza bera krisi ekologikoa eta elikaduraren burujabetza eta hiriaren antolakuntza urbanistikoaren loturarekin, independentismoa eta subordinazioaren ukazioaren arteko loturarekin eta zein lotura dagoen pentsamendu subordinatuaren eta dinamika akonplejatuen artean. Ez da kasualitatea identitatearen (euskaltzaletasunaren, abertzaletasunaren, euskal kulturzaletasunaren, emakume izatearen, langile izatearen…) eta unibertsalismoaren artean dugun eskizofrenia: indarrean eta ezarria dagoen pentsatzeko marko orokorra (mendebalde kapitalistak elikatua eta ezarria) ez da egokia emantzipaziorako.

Utopia ez da urruti eta geroan dagoen zerbait, gure oraina argitzen duen sakoneko oihu ixila baizik. Hor elikatu nahi dugu Foroan gure pentsamenduak. Pentsamendu bizigarriak, adore emaileak eta sakonak lantzeko dugu Foroa. Foroaren ateak irekiak daude. Baita Foroaren antolakuntza-taldearen ateak. Hurrengo gosari arte.
Joseba Barriola

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna