DSS2016: Espektakulotik simulakrora

1024px-Colosseum_in_Rome,_Italy_-_April_2007

Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabitudeak bidea egin dute lurra merkantzia bihurtuz eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintza pribatizazioarena, ez da soilik ongizatekoa deituriko estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. ADN-a, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, erreprodukzio biologikoa bera… dena, merkantzia bihurtzen da eta balioesten den bakarra “truke-balioa” da. “Erabiltze-balioa” kapitalaren akumulaziorako okasioa den neurrian eta horretarako bakarrik estimatzen da.

Artea, edo sormenaren kultura, eta ondarearen kultura, kultura zentzu berezian deitzen dena, prozesu honetan sartua dago aspalditik, dena, baita kultura ere, kapitalaren akumulaziorako baliagarria den merkantzia bihurtzen da, eta degradazio horren abiada azkartu da azken urtetan. Horrela, momentu honetan, sistema antikultural orokor baten menpe gaude, norbanakoaren eta herrien garapen aske, kritiko eta sortzailea “kontzentrazio eremu kultural” batean preso dago. Kulturaren mekanismo globala (Nobel Saritik hasi, publizitatearekin segi, Hollywood-ekin jarraitu, komunikabideen kontzentrazio empresariala, informazioaren lobbyak eta manipulazioa, unibertsitateen menpekotasuna multinazionalekiko, museoren antolakuntzaren simulakroa, turismoaren organizazioa, gerra mediatikoak, interneten kontrolerako egitasmoak, zientziaren finantziazioa, psikologismo merkearen hedapen zabala…) adoktrinamiento global bat egiten ari da. Zurrumbilo horretan atrapatua dago artea. Eta garai batean espíritu kritikoa lantzeko funtzioa zuena, orain sumisioaren espiritua hedatzeko eta indartzeko erabiltzen da, edo beraren eraginkortasuna antzutua gelditzen da sistema jartzen dituen mugetik irten ezinik. Mekanismo global kultural honek ezaugarri nagusiak ditu: Mendebaldezentrikoa da (gainontzeko tradizio kulturalak eta hizkuntzak mezpretxatuz), Patriarkala da (aski da ohartaraztea publizitatean, zineman, telebistan, historian, filosofian, ekonomian ematen zaioen objektu papera, edo nola den “ikustezina” bihurtua, edo ignoratua, edo nola bizitzaren sortze, babeste eta zaintze lana den des-kontsideratua), eta Kapitalista da (balioaniztasunaren simulakroaren azpian, orden bat badago, eta orden horren erdigunean dirua eta diruaren akumulazioa da gainontzeko ustezko balio kultural guztien motorra eta helburua).

Herri indioen bizimodu “antzinakoa” turismorako diru iturri bihurtzen da. Edozein herriko tradizio kulturalak dirua emango duen turismorako erabilgarriak dira. Musika klasikoa eta kontzertu erraldoiak pasibitatearen elikatzaileak dira edota askatasunaren enterradoreen ikur irudia (Behetowen eta Europako Troika). Kultura, bere zentzuaren muina galdurik, espektakulo hutsa bihurtu da, gizarte harmoniatsu eta oparoaren irudia ematen du. Irudi hori ematea da bere funtzioa eta horrela banalizatzen da. Norbaitek (manipulatzeko bitartekoen jabetza duenak) erabakitzen du zer den kultura estimagarria eta zer den kontrakoa. Bainan inon ez kulturaren funtsezko funtzioa: gizakien eta herrien garapen librerako begiradak lantzea. Barne usteldua duen sagar koloretsu dizdiratsua da kulturaren izaera nagusia gaur egun.

Hurbil gaitezen gertuagora. Donostia 2016. Zer dugu hemen? Kultura? Espektakulua? Simulakroa? Adibide xume bat. Urteko ebento espektakular honen hasiera espektakularra. Milaka donostiar danborra jotzen kaleetan barna.

a)Historiaren kontrako espektakulu kulturala. Izan ere, Donostiako historian “tanborradak” badu leku bat: protesta ironiko eta ludikoa militarismoaren kontra eta bizitzeko baliabide duinen alde. 1813 eta gerra karlisten ondoren eta giroan sorturiko ekimena, tradizio bihurtua. Ehundaka urte hauetan (frankismoa barne eta demokrazia franquista monarkiko honen garaia) tamborrada izan da herriaren nahiak azalerazteko okasioa. 2016 dela medio tanborrez jotzen da Behetowen bederatzigarren sinfoniaren zatia eta horrela egiten da, ez Behetowen erdiaroko mirabetzaren aurkako askatasunaren musikaren sortzaile izan zelako, Europako Batasunaren himnoa, eta himno domestikatua, delako baizik. Hau da, askatasunaren enterradorearen eta militarismoaren praktikante sutsuaren omenez. Zeren Europako Batasuna horixe bait da, eta ondo gogoan izan dezagun, 2016ren eskutik gonbidatuak izan ziren Solana, NATOko buru gerraria izan zelako (Serbia eta Kosovoren gatazkan, bombardaketak agindu zuena) eta Barroso, Hiriburutza Kulturala erabakitzen duen erakundeko burua zelakoa, eta aldi berean AUSTERIZIDIOAREN agintari agerikoa eta Irakeko gerra sinatu zenean Bush, Blair eta Aznarren anfitroika Madeira uhartetan. Donostiako Udalak saldu du (eta zeremoniako marionetak izatearekin pozik ibili dira donostiar asko) Donostiako tamborradaren zentzu historikoa, eta nori saldu!, eta zeren truke?

b) Hiriaren aurkako espektakulo kulturala. Hiria de eraikuntzak, bainan batez ere jendea eta jendearen harreman askeak, eta horregatik hiria da askatasunaren altzoa. Bainan hiria bera merkantzia bihurtu da. 2016ean Donostia bihurtzen da turista dirudunentzat merkantzia bat. Merkantziaren jabeak (Donostiako eta Gipuzkoako handikiak) eskeini nahi dute hiri bat (eraikuntzak eta jendea eta jendearen harremanak) txukun, dotore, elegante, etorriko diren turista dotore eta dirudunen apetentziak asetzeko prestatua. Horregatik estorbo bat dira Kortxoenea eta piratak, traba dira eskaleak eta prostitua pobreak, traba dira langabetuen manifestazioak, etxetik kanporatuen protestak eta presoen aldeko asteroko martxak, traba dira emigranteak eta orohar pobreak. Hiri “garbia”, etorriko direnen begiak ez daitezela miseriaren espektakuluaz edo askatasunaren eztandaz desoro ukituak. Orduan, zein papera duten Donostia 2016ean donostiarrak? Turismo exoterikoa egiteko prestatu den Amazoniako herri indigenaren papera bera. 2016 ez da kultura aske eta kritikoa, gure garapen pertsonala eta soziala, hiri bezala gure historia berraztertzeko eta zor dugun zorra historikoa kitatzeko, edo gure etorkizuna lantzeko. Operazio espektakularra da,zeinean donostiarrei eskeintzen zaion okasioa funtsarik gabeko eskaparatean besteen, dirudunen monigote simpatikoa izateko.

c) Kultura bizigarriaren aurkako espektakulo kulturala. Kultura bizitzatik aparte, ez badu kulturak gure bizitzaren interroganteekin loturarik, kultura degradatua da, ez du gure erronkei aurre egiteko balio, ez du nahi askatzailearen egoera eta premia berriei erantzuten. Orduan zer da 2016ko kultura? Fetitxe espektakular bat, ohoratzen dena ohoratu behar delako, bainan azpian interes prosaikoenak dituena. Interes prosaiko eta bakarra: nola aprobetxatzen dugu hiriburutza kulturala negozioa egiteko. Interes prosaikoak eta zerbait gehiago: egoerarekin, status quoarekin asebetetasuna, satisfakzioa. Bainan nola izan asebetea egoerarekin, egoera dagoenean mehatxuz betea: gerra –eta gerra atomikoaren mehatxua–, etorkinen egoera obszenoa “kulturaren” Europa honek probokatua, Europak Troikaren bidea eragindako zatiketa soziala mingarria geroz eta larriagoa, Estatuen Europa honek imposatzen digun gure nazioaren eskubideak ankaperatuak…

Orain arte ez dut hitz bat esan donostiarrei buruz. Esan dudan guztia da zein den espektakuluaren hariak mogitzen duten indar disimulatu horiek nahi duten donostiarrak joka dezaten: gure historia, gure hiria eta gure kulturarako eskubidea zapuzten duen espektakuluan monigoteak izatea. Bainan izan al ez izan, hori da kuestioa. Gure esku dago zein papera jokatu.

Egilea: Joseba Barriola

Irudia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Anfiteatro#/media/File:Colosseum_in_Rome,_Italy_-_April_2007.jpg

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna