Lehen kapitulua: Fedearen artikulua eta zubia

Quarto_Stato

“Hementxe gaude bildurik Euskal Herriaren populua. Kanta dezagun, denok batera, lehenen kapitulua, fedearen artikulua”. Arestiren poema hau, Oskorrik kantatua, nire burmuinera etorri zait gaur goizean esnatu naizenean. Arratsaldean Otegiri egingo zaion ongi etorrirako kanta aproposa, pentsatu dut. Poema eder horren kulunkan ardaztu dut Belodromokoa.

Hementxe gaude bildurik. Belodromoan eta karpan zirenak eta etorri ezin izan direnak, eta han egin eta esandakoarekin erresonantzian jarriko direnak, eta bizitza duina aspotzen zuten hitz eta irudiekiko konexioa egin duten guztiak, eta iraganeko herritar xume sufritu eta adoretsuak eta USAko kartzelan zigortua dagoen Peletier amerindio duina. Denak. Han, bildu ginen.

Euskal Herriaren populua. Bainan zer zen populua, Euskal Herriaren populua, Arestirentzat? Bere poemetan utzi digu argi adierazia. Populua da: langile jendea, etxean lana egiten duten langile ordaindu gabeak, nekazariak, arrantzaleak, iñudeak, merkatutan eta ostatutan diharduten emakumeak, Somorrostroko mineroak, Lemoako frenteko “primera línea de fuego”, Adela gorria-Adela guria, poetak eta titiriteroak, lurrarekin hitzegiten duten Oteiza-Gandiaga-Mari Sanz-Laboa bezalako eroak, zeru bideko Joxe bezalako, lurra eta jendea eta herriaren pentsalari sakonak, etakideen ama sufrituak eta Bartzelona euskaldun ikasle mutilak, eta beltzak eta davidovichak… Populua dira kollazoak eta petxeroak, eta lingua navarrorum-lingua barbaroruma hitzegiten duten euskal nekazari eta baserritar pobre Nafarroako Monarkiak baztertuak, matxinadetako matxinoak, galeretara kondenatuak eta prostituziora behartuak, langabeziara kondenatuak eta etxetik atzerriratuak edo kanporatuak, eta presoak… Horiek dira Euskal Herriaren populua. Populuan ez dira kabitzen jauntxoak eta handikiak, aiton-seme gamboinoak edota oñaztarrak, errege, abade, obispo lur-imperio goseak, Caracaseko eta Filipinas Konpainia esklabista eta kolonizatzaileak eta Confebaskeko edo Iberdrola edo Petronor eta orohar esanda besteen sufrimenduen kontura aberasten den jendea. Horiek ere hemengoak dira jatorriz, bainan ez dira populua. Beraien aberria dirupilaketa baizik ez da.

Kanta dezagun batera. Zer da, Aresti, kantatu beharko gendukeena? Bi kanta eta bi kanta horien arteko zubia.

Lehenengo kanta: Lehenen kapitulua. Guztion izenean Jon Maia bertsolariak irakurri zuen poema argitsua. Biziraupenaren kanta eta dantza. Gu gara kanta bizigarria. Europa osoan eta mundo osoan gu ere bagara, gaur egungo lehen beharraren lekuko: biziraupenaren lekuko. Mendetan eta mendetan nolabait gure nortasun bizia, eta bizia delako aldatuz doan eta guk geuk aldatzen eta ederragotzen saiatzen garen nortasuna biziraun duelako. Jonek ahots tonu liluratzailez irakurritako poema, gure iraganari maitasunez botatako begirada da, eta maitasunez egina dagoelako etorkizunera proiektatua.

Jon Maiaren poeman esangabe doa gure biziraupenaren esperientzian baditugula pasarte ilunak. Ez da bakarra, bainan bat aipatu nahi dut. XVI-XVIII mendetan gure herriko nagusien eskutik, euskaldun asko Amerindiako konkista, kolonizazio eta esklabizazioan, Espainiako eta Frantziako Erregetza Imperialen morroi gisa aritu ziren. Urte horietan, bereziki, gure hizkuntza hemen baztertua izan zen Amerindiako hizkuntzen hondorapenean parte harturik. Eta subordinazioaren nortasuna erroak bota zituen gugan. Biziraupenaren borrokan hondoratzen hasiak ginen.

Horregatik, munduko herri guztien lagunkidetasunean oinarrituriko nortasuna eraiki nahi dugu. Horregatik jatorri anitzetako jende lagunak gurean izan du eta izango du lekua du gurekin batera eraikitzeko etorkizuna. Izan ere, gizadi osoaren lehen eginkizuna da biziraupenaren gain zamatzen gaituen mehatxuekin (TTIP izeneko kolonizazio mundial berria, aldaketa klimatikoa, arma atomikoak, gizartearen desestrukturazioa, arrazakeria etniko eta soziala, pentsamendu bakar harrizkotuaren imperioa, sentimenduen manipulazio zitala…) amaitzea. Lekukoak gara, esperientzia dugu adimentsu jokatzen ikasiz eta mundu osora eskeiniz.

Bigarren kanta: Fedearen artikulua. Arnaldo Otegik luzatu zigun gonbidapen adimentsua eta igorri zigun adore eta autokonfidantza. Irriaren, bizitzaren ospakizunaren festara igarotzeko gramatika: estatu dexentea, independentzia, pentsamolde desberdinen eta erlijio desberdinen bultzada bizigarriez elikatuak, diagnostiko eta agenda egokiak egiteko entzun eta entzun eta entzun beharra, pultsoa hartzeko eta ikasteko egarria, gure esku dago, herriaren esku dagoela sakon sinistuta. Ondo bereiziz zein da behaztopa harria eta zein den aldaketarako bide laguna. Geurea eraikitzen lanean beti prest esku bat luzatzeko, baita Espainiako esker berriari. Eta black power, eta botere palestinarra, eta botere Saharauiarra, eta botere arabiarra, eta euskal boterea. Herrien boterea eta ahalmena, biziraupenaren borrokatik garai berrira, bizitzaren ospakizunaren festara jauzi egiteko ahalmena landu eta kultibatu. Hitz batez, jende burujabez osaturiko herria(k) lehendakari. Eta ez ahaztu, garai berrira jauzia, oraintxe bertan saiatu, ez da geroko desioa, orain praktikatzen hasten garena baizik. Horren islada da, jaso dugun gonbidapena: irri egin

Kantazubia: Bizitza duinaren defentsa kanta. Jone Etxeberriak, sutan erretako sorgin bizigarrien ahots gartsuz izar bat piztu zuen populuaren bihotzean: ez dugu onartuko ez bizitza, ez jaiotza, ez heriotza, ez sexua, ez maitasuna, ez lurra eta ez lana, ez dugu onartuko bizitzaren sorkuntza eta zaintza, kapitalaren akumulaziorako merkantzia miserable bihur daitezela.

Bizitzaren atsaren otsaren utsaren hitza, mirarizko kanta baga biga higa misteriotsua, festa zoragarriaren ikimilikiliklik. Bizitza duina denontzat, bizitzea merezi duen bizitza betea, eraiki nahi dugun egitasmo politikoaren erdigunean.

Mila esker Belodromoko oparia eskeini zigutenei, hau da, modu batez (presente edo hara hurbildu ezinik) han bildu ginen guztioi.

Egilea: Joseba Barriola

Irudia: https://it.wikipedia.org/wiki/Il_quarto_stato#/media/File:Quarto_Stato.jpg

,

No comments yet.

Utzi erantzuna